Abarrak alkartea 1992ko hilbaltzaren 7an sortu zan.
Hasierako urteotan, 1992-1997, alkarteko bazkideek arlo desberdinetan egin eben behar. Esan geinke jaietako esparrua izan zala estrategikoa orduan: San Pedroko erromeria San Juan gaueko sua edo Madalenak. Ez daukagu ahaztuteko Madalenetako herri bazkaria, mundu guztiak bazkaldu eban (bazkaria herriko txokoetakoek prestatu eben), guk, antolatzaileok izan ezik; lanak amaituta tabernara joan gintzezan mokadu bat hartzera.
Bat baino gehiago gogoratuko da Dinamitako parkean (Juanjo, barkatu toponimiarena) Josuk, San Juan gaua ospatzeko prestatu eban ikuskizun mundiala: txalaparta, bideo, bertso, dantza eta ez dakit zenbat gauza gehiago.
Ba han be egon gintzezan gu: txokolatea banatzen pareu barik.
Kultur esparruko lanak laburbiltzea ez da erraza: Joseba Andoni Uriarteren erakusketea, hitzaldiak, euskal asteak, bertso ikastaroak, antzerki-lanak, musika emonaldiak eta abar.
Euskal ohiturak be gure zerrendan egoazan: Santa Agedarena Jesus Mariren meritua izan zan, azkenerako batera antzean kantatzen genduan. Olentzerorena beste kontu bat izan zan. Eskerrik asko Eugenio, Enriketa, Itxaso, Kilimusi skaut taldea,… eta Olentzero hainbeste urtean Arrigorriagako kaleetara ataratea posible egin dozuen guztioi.
Gogoangarria 1997an Arrigorriagako euskaldun zaharrei egin geuntsien omenaldia. Alkartean baegoan gure euskaldun zaharrei halako errekonozimendua egiteko gogo bizia 1998ko urtea aldaketakaz etorri zan. Alkarteak bide barriak jorratu gura ebazan eta 2001 urtera arte iraungo eban egitasmoari ekin jakon.”Arrigorriagan euskaraz bizi” izenaz bataiatu zan ekimena. Ume eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzea zan egitasmo horren xede nagusia, Basauriko “Xibiri” aisialdi taldearen laguntzaz landu genduana.
2003. urteko gabonilan “Artandape” kaleratu zan. “Arrigorriagan euskaraz bizi” egitasmoaren ostean, alkarteak jorratu eban egitasmorik sendoena Artandape talde-lana izan zan baina guztien baimenagaz, Joxe Rojas gure kazetaria eta koordinatzailea, aipatu behar da; bere ekarpena mundu guztiak goraipatu eban.
Artandape 2005ean hil jakun. Udaletako diru-laguntzen faltan, ezinezkoa egin zan argitaratzen jarraitzea. Guk amestutako “soka luzea” beste behin be eten egiten zala ikusi behar izan genduan.
2006an zuzendaritza aldaketa egon zan eta alkartearen helburu eta proiektuak berraztertu egin zirean “Erabiliz 2006-2008” plangintzagaz batera . Gaur egun lau proiektu nagusi daukaguz esku artean: “Kuadrillategi”, gaztetxoek euskara gehiago egin deien bideratua; “Berbalagun” eta “www.arrigorriagaeuskaraz.com” web-gunea, biak be euskal hiztun aktiboen sarea trinkotzeko ahaleginak direanak eta, “Estropozu” bertso-eskola, lorpen gero eta nabarmenagoak eskuratzen dabilena.
Hamabost urte eta gero egin dogun errepaso txiki honek jarraipen oparoa izan daian gura genduke, gure herrian euskaraz bizitzea errealitate bihurtu daiten ekinean dihardugunok Abarrak euskara alkartetik eta, zu zeu bidelagun gura zaitugu helburua danon artean lortuko dalako, ez bestela.

Ostiral kulturalak
Urtean zeha burututako hainbat kroniketarako loturak:
|